2010/03/12

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa borrokaldian:

Euskal preso politikoen kolektiboa oinarrizko eskubideen aldeko borroka berri batean murgildu zen urte berriarekin batera. Urtarrilean zehar hainbat ekimen burutu ondoren, itxialdi eta baraualdiak besteak beste, espetxez-espetxe aurrera eramango diren ekimenak burutuko dituzte urte osoan zehar, borrokaldiari jarraipena emango diotelarik modu honetan.
Euskal preso politikoek muturreko egoerak bizi dituzte eta atzean utzi ditugun asteak dira esaten dugunaren lekuko argia. Sakabanaketa politikaren ondorioz Mikel Garmendia preso politikoaren senideek istripua izan zuten bisitara bidean, Xabier Etxeberriak heriotza mehatxuak jaso ditu Soto del Real-eko espetxean, Isidro Garalde eta Juan Carlos Arrutiri biziarteko zigorra ezarri diote, Lorentxa Gimonek 38 egun eman ditu gose greban bizi baldintza duinak aldarrikatuz, Urtzi Paulek bakarturik jarraitzen du Sevillako espetxean, senideen aurkako miaketa eta jazarpenek ez dute etenik.
Pozgarriak diren berriak ere iritsi zaizkigu, borroka guzti hauen emaitza izan baita Juanjo Rego Vidal espetxetik ateratzea, nahiz eta erabat salagarriak diren kontrolerako neurriak ezarri dizkioten.
Kolektiboan dauden 750 euskal preso politikoetatik 10 baino gutxiago daude Euskal Herrian, besteek espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanaturik jarraitzen dutelarik, etxetik ehunaka kilometrotara.
Oraindik sei euskal preso politiko gaixotasun larriak jota espetxean preso dituzte, minbizia edo gaixotasun psikologikoak izan arren behin eta berriz ukatu dietelarik askatasun eskaera.
Praktikan biziarteko zigorra suposatzen duen Espainiako Entzutegi Goreneko doktrina ezarri dieten euskal preso politikoen kopurua gora eta gora ari da bitartean. Jose Mari Sagardui 30 urte beteko ditu espetxean datorren uztailaren 8an, Europa osoan espetxetik atera gabe denbora gehien daraman preso delarik.
Egoera guzti hauei aurre egiteko helburuarekin ekin zion borrokaldiari Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta egoera honi erantzuten jarraitzeko espetxez-espetxe hainbat ekimen eta mobilizazio burutuko dira datozen hilabeteetan.
Bitartean Euskal Herrian mobilizazio eta ekimen ugari burutuko dira hilabeteotan euskal preso politikoen eskubideak bermatu daitezen aldarrikatuz. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik honako deialdiak zabaldu nahi ditugu:
Burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.
Eremuz eremu euskal preso politikoen eskubideen alde indarrak batzeko deia egiten dugu, eragile, alderdi politiko eta sindikatuak egoera larri honen aurrean konpromiso serioak eta argiak hartzera gonbidatzen ditugularik.
Euskal preso politikoekiko elkartasuna espetxeetara eramateko deia egiten dugu. Presoei gutunak idatziz, bisitak eginez e.a.
Indarrak batu eta euskal preso politikoen eskubideak errespetarazi behar ditugu.EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA (EPPK)

No hay comentarios:

Publicar un comentario