2010/04/15

Egunkaria


Egunkaria auzian ezagutu berri dugun epaia poztekoa dela zer esanik ez dago. Lehenik eta behin auziperatuek espetxera joan beharko ez dutelako eta bigarrenik epaiak berak dioenarengatik. Euskaldunon Egunkariarena, propio eraikitako prozesu judiziala izan dela aitortu dute.

Gertatutakoa oso larria da. Epaileek idatzi dutena egia bada, eta bada, egun hauetan oso famatua egin den Baltasar Garzonen aurkako auzia bezalako prozesua, Del Olmo epaileak berak pairatu beharko luke. Lasai egon dadila, ez baitzaio ezer gertatuko. Alabaina, agerian geratu da prebarikazio delitu argia dagoela afera honetan.

Egunkariako absoluzioa erabakitzeko erabili dituzten argudio berberak erabili dituzte orain arte kontrako norabidean. Izan ere, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi zituzten eta bere Zuzendaria, Zuzendari ordea eta Administrazio Kontseiluko kide guztiak espetxean daude. Zer egin zuten Javier Salutregik edo Teresa Todak, Jose Luis Elkorok edo Murga anaiek, batzuk aipatzearren, Martxelo Otamendik edota Iñaki Uriak egin ez dutena. Argi dago; ezer ez.

Estatu espainiarrak duela 12 urte mugimendu independentistaren aurkako borrokan fase berri bati ekin behar ziola erabaki zuen. Geroztik aunitz talde eta pertsona pasa dira Madrilgo ez ohiko epaitegitik. Horietariko asko, egun giltzapeturik aurkitzen dira; 18/98 auzian nirekin batera epaitu zituzten kideak besteak beste.

Egunkaria auzian inplikaturik daudenak ez dira beste gainontzeko klase honetako auzietan dauden lagunak baino inozenteagoak. Besteak bezain errudunak edo nahi bada, bezain inozenteak dira. Orduan zergatik batzuk absolbitu eta besteak kartzelaratu? Ausardi eza estatuaren aldetik? Ez dut uste. Atxilotzeko eta torturatzeko izan zuen ausardi berbera izan zezakeen orain guztiak barruan sartzeko. Zergatik ez ba?

Arrazoi bat baino gehiago egon daitezke. Nik bat ekarriko dut ezbaira. Nire ustez, Estatu espainiarrak kanpora begira salmenta gutxien zuen auzia erabiltzea erabaki du. Absoluzioarekin guztiz zikinduta duten irudia, zertxobait garbitu nahian dabiltza espainiarrek. Zoritxarrez, hau guztia ez dute egin justizia egin nahi dutelako, astakeri gehiago egiten jarraitu nahi dutelako baizik. Froga 24 ordutan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario